XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

John Glûckstadt: integrazio ezin bat.

John Hansen bere herrira itzultzen denean John Glûckstadt deitzen dute gehienek, irten berria baita Glûckstadt delako espetxetik.

Berak hegoaldeko itsasoetan barrena ibilia dela zin egiten duen arren, horditurik, laster oroiteraziko diote ziudadano markatu bat dela.

Eta irtenbide bi baino ez dituela bere herri propioan, lapurreta eta emigrazioa eta, edozelan ere, gizarteak zelaturik eta umilaturik gainbizitzea.

Baina nor da John Hansen?.

Ba, John Hansen ohoin delito bategatik dirudi izan dela kondenatua, gizon gazte eta beltzaran hau gartzelatik irteterakoan berrintegratzen saiatzen da espetxera sartu duen gizartean bertan.

Iraultza industrialaren hastapenetako garaian lekutzen da filmeko giroa, laborari giroa eta giro urbanoa nahasiak beraz, eta klase kontraesanak oso agerrekoak, izuaren gainean sostengatuak hain zuzen.

John Hansen, jadanik John Glûckstadt, zakur deslai baten gisara heltzen da bere herrira eta beren lehen akto publikoan, mozkortzean, jipoitu egiten dute eta kale bazter batetan bota konorte gabe.

Gizarte aurkari batera itzuli da beraz.

Uneoro oroiterazten diote Glûckstadt espetxea bere izen propiotzat.

Hain zuzen, oso egokia da filme honen oinarri den nobelaren titulua John Hansen baitan obratzen den bikoiztasun psikologikoa azaltzeko: Doblea deritza nobela horri, eta Theodor Storm idazlea.

John Hansen, John Glûckstadt, inguratua aurkitzen da, bakardadera kondenatua, irtenbiderik gabe.

Ezin daiteke gizartean berrintegratu, gartzelan debekatu zioten askatasuna orain ere berdintsu eta are krudelkiago, debekatzen baitiote.

Posiblea eta ezina zenbait eta hurbilago hainbat eta dramatikoago baita sortzen den situazioa.

Gizarteak, orohar, zelatu baino ez du egiten.

Badu lagun bat bere antzeko situazio batean baina egoera hortan ezina da ezertan laguntzea.

Gizartean lagun bakarra alkatea da, lana eskaintzen baitio, hala ere ez da laguntzaile paternalista eta despotiko bat baizik.

Alkate liberal hau ez da sekula enfrentatuko nazien aitzindari diren besteei, harrigarria iruditu zitzaidan maitemintzearen eszena.

Eta badu alabatxo bat ere, maitagai eta bizigai bakarrak alegia.

Eta berarekin bat egin dutenez, geroztik hirurok marjinatu eta persegituak.

John Glûckstadt-ek, esan bezala, ez du irtenbiderik bere marjinaltasunean.

Edo delinkuentzia edo emigrazioa.

Eta hau aukeratzen du, ihes egitea, itsaso zabalaren bestaldean diren landa berdeetara, alabari kontatzen dionez.

Bere herritik partitzen da, bakardadeak eta gizarteak zelaturiko pizti deslai bat bailitzan, bere alaba bahiturik.

Emigratzen duenean, badirudi gartzelatik eskapatzen ari dela.

Pentsa daiteke filmea John Hansen gartzelatik irteten denean hasten dela eta John Glûckstadt libertatearen beste gartzelatik ihes egiten duenean amaitzen.

Eta izugarria da itsasontzira bere alaba besoetan igotzerakoan azaltzen den desanparoa, espetxeko hesiak ilunetan eta biderik ezagutu gabe noragabe trabesa bailituen.

Ulf Miehe idazle ezaguna zen filme honen zuzendaritzat agertu orduko.

John Glûckstadt hauxe da bere lehen filmea, sinplea, hornidurarik gabea, baina hunkigarria.

Joseba SARRIONANDIA.